Zubi
- Artikulu hau eraikuntzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zubia (argipena)».


Zubia ibai, errepide, trenbide, haran edo kideko oztopo geografikoen gainetik igarotzeko eraikuntza bat da,[1] azpiko hutsartea itxi gabe. Zubiaren diseinua egokitzen da bete beharreko funtzioaren eta kokalekuaren arabera, edo hura egiteko erabiliko den materialaren eta eraikitzeko eskura dauden baliabideen arabera. Ohikoenak dira arku zubiak, habedun zubiak eta zubi esekiak.
Euskal Herrian badira Gizateriaren ondare izendatutako zubiak:
- Bizkaia zubia, Portugalete eta Getxo artean.
- Donejakue bideko zubiak, besteak beste, Garesko zubi erromanikoa.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koldo Mitxelenaren iritziz, «zubi» euskal hitzaren etimologia azaldu daiteke «zur-bide» bezala, elkarketaren bigarren hitzaren bide > *bie > bi bilakaeraren bidez.[2]
Zubiek izan duten garrantzi handia dela eta, Euskal Herrian leku izen ugari daude «zubi» hitza edo bere eratorriak dutena,[3] hala nola Zubieta, Ezterenzubi, Ziburu edo Zubiri. Gainera, toponimo horietako askok abizenak eman izan dituzte.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ziurrenik, lehenengo zubiak naturak berak sorturikoak izan ziren: erreka baten gainean eroritako zuhaitz batek osatu zezakeen, adibidez.

Historiaurrean jada gizakiak zuhaitz enbor-adarrez edo harriz egindako pasabideak erabiltzen zituen errekak zeharkatzeko. Hasierako zubiak ez ziren oso landuak eta nekez jasan zitzaketen zama handiak. Egitura hobeen beharrak bultzatu zuen zubien garapen teknikoa. Erromatar Inperioan eraiki ziren lehenengoz arku zubiak eta akueduktuak. Halako egiturei esker, zubiek askoz zama pisutsuagoak jasan zitzaketen denbora luzeagoz. Garapen tekniko landuaren lekuko, erromatar zubi asko oraindik zutik eta egoera onean daude.[4]
Sokazko zubi esekiak Inka zibilizazioak erabili zituen Andeetan, XVI. mendean, europar kolonizazioaren aurretik.
XVIII. mendean, aurrerapen handiak egin ziren habez eraikitako zubietan, Hans Ulrich Grubenmann, Johannes Grubenmann[5] eta beste batzuen lanari esker. Zubien ingeniaritzako lehen liburua Hubert Gautierrek idatzi zuen 1716an.[6]
XIX. mendean, Iraultza Industrialarekin batera, burdina erabiltzen hasi ziren zubien eraikuntzan. Ez zen guztiz egokia pisu handiei eusteko, burdinak ez baitu indar elastiko nahikorik. Zubien eraikuntzarako altzairua erabiltzen hasi zirenean, zubi luzeagoak egitea lortu zuten ingeniariek, kasu askotan Gustave Eiffel frantziar ingeniariaren ideiak jarraituz.
Zubi motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubiak zenbait modutan sailka daitezke. Besteak beste, egitura mota, erabilitako materiala, erabilera eta finko ala mugikor izatea hartzen dira kontuan zubiak sailkatzerakoan.
Egituraren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubiak sailka daitezke egituraren arabera, hau da, nola banatzen diren trakzioa, konpresioa, makurdura (flexioa), ebakidura eta bihurdura. Egitura guztiek dituzte magnitude horiek hein batean, baina egituraren arabera batzuk nagusitzen dira. Adibidez, habedun zubi batek makurdurari egin behar dio aurre, eta zubi esekietako kableek trakzioari.
Egitura motaren arabera, zubi mota hauek daude:

- Arku zubia: zubi mota honen egitura nagusia arkua da. Arkuak zubiaren bi muturretako euskarriei (zubi buruei) konpresio indar zeiharrak transmititzen dizkie, arkuaren inklinazioaren araberakoak.[7] Lehen zubi arkudunak Antzinako Grezian eraiki ziren, oraindik zutik dagoen Kazarma zubia, besteak beste. Harriz eraikiak izan ziren. Mota honetakoak dira harrizko eta adreiluzko zubi historiko gehienak, Euskal Herrikoak barne (adibidez, Garesko zubi erromanikoa, Balmasedako zubia edo Azkaineko erromatar zubia). Gerora, altzairuak eta hormigoiak askoz argi handiagoko zubiak egiteko aukera zabaldu zuen. Harrizko zubi handiena, 5.000 tona harlandu soltez egina, Solkan zubia da (1905, Nova Gorica, Eslovenia) eta 220 m luzeko argia du. Munduko zubi arkudun handiena Chaotianmen zubia da (2009, Chongqing, Txina), Ibai Urdinaren gainean, 1.741 m luze eta 552 m-ko argia duena.[8]

- Arku zubi esekia: arku formako gainegitura bat du, baina ohiko zubi arkudunen aldean, indarra zubi muturretara konpresioan transmititu ordez, arkuen muturrak trakzioan eusten dira egituraren beheko atalean zehar.

- Habedun zubia: zubi honen egitura nagusia habea da. Habeek konpresio indar bertikala besterik ez dute egiten euskarrietan,[9] eta egituran sortzen diren indarrak makurduran eta ebakiduran dira nagusiki. Euskarri ugari badaude, tartekoak harroinak dira. Batzuetan, harroin hauek zubi brankak dituzte urak eramandako hondakin flotatzaileak saihesteko. Hastapenetan, habeak enbor soilak baino ez ziren, errekak eta antzeko elementu xumeak zeharkatzeko. Egun, habedun zubien egitura altzairuzkoa edo hormigoizkoa izan ohi da. Habeak nekez gainditzen du 75 m luze, flexioa luzeraren karratuarekiko proportzionalean handitzen baita.[10]. Hala ere, Niteróiko zubiko erdiko habea 300 m luze da. Mota honetako munduko zubi luzeena Lake Pontchartraingo autopista da (Louisiana, AEB), 38,35 km luze, baina habe bakoitzak 17 m ditu.[11]

- Saretadun zubia: habedun zubien antzekoa, egitura nagusia sareta habe bat da. Sareta bat egitura erretikular bat da, atal zuzenez osatua, korapiloetan lotuz eta triangeluak eratuz. Atal zuzen konektatu hauek trakzioan edo konpresioan daude, egitura barneko indarren transmisioaren arabera. XIX. mendetik aurrera garatu ziren, altzairuaren ingeniaritzarekin batera. Euskal Herrian Ormaiztegiko zubibidea (1863) eta Zangozako burdinazko zubia (1891) dira mota honen adierazgarri.

- Hegal zubia: mentsula bat bezala funtzionatzen du, hau da, hegal moduan, non habeak bakarrik mutur batetik eusten dion. Zubi hauek habedun eta saretadunen material eta teknika berak erabiliz eraikitzen dira, desberdintasuna indarrak kalkulatzeko moduan baitago. Zubi batzuek habe txikiago bat dute bi mentsularen artean, argia handitu ahal izateko. Munduko zubi luzeena Québec zubia da, San Laurendi ibiaren gainean (Quebec), argia 550 m luze duena.[12]

- Zubi esekia: zubi mota hau kableetatik zintzilikatzen da. Lehenengo zubi esekiak sokaz edo banbuz estalitako lianez eginak zeuden. Soka hauek muturretan finkatzen ziren, elementu natural bati lotuta —harkaitz edo irtenune bati— edo berariaz egindako zama astun bati. Zubi modernoetan, dorreetan finkatzen dira kable nagusiak eta horietatik beste kable bertikalek zubiaren oholtzari eusten diote. Era honetako munduko zubirik luzeena Akashi Kaikyō zubia da (Kobe, Japonia), 3.909 m luze eta argia 1.991 m.[13]

- Tirante zubia: zubi esekietan bezala, dorreetan finkatutako kable bidez eusten zaio oholtzari, baina mota honetan kableak dorretik oholtzara zuzenean doaz. Hortaz, kableak bertikalak izan beharrean, zeiharrak dira, paraleloan edo haizemaile itxurarekin. Ohiko zubi esekiekin alderatuta, kable gutxiago behar da eta dorreak garaiagoak izan daitezke.[14] Ezagutzen den lehen zubi tenkatua 1784an diseinatu zuen C. T. Löscherek.[15] Munduko tirante zubirik luzeena Ruski zubia da (Vladivostok, Errusia, 2012), 1.104 m luze.[16]
Erabileraren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zubi bat trenbide bat, errepide bat, oinezkoak edo ur zein gas hodiak igarotzeko eraikia izan daiteke. Eraikia izan den xedearen arabera murrizketak izan ditzake; adibidez, autobide baten zubia ziurrenik ezingo dute oinezkoek zeharkatu.
Zubi askoren azpialdeak, edo zubipeak, etxegabeen babesleku bilakatu dira. Graffitizaleek ere sarri margotzen dituzte zubipeak.
Akueduktu bat ura garraiatzeko erabiltzen den zubi bat da, zubibide baten antzera garaiera berean dauden bi puntu elkartuz.
Zubi dekoratibo eta zeremonialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Maiz zubiak beharrezkoa baino garaiago eraikitzen dira, efektu estetiko hobe baten bila. Hala gertatzen da, esate baterako, Asia ekialdeko lorategietan ohikoak diren ilargi zubiekin.
Jauregi askotan, zubiak eraiki izan ziren, errekatxo artifizialak zeharkatuz. Halako zubiek helburu praktikoa baino xede estetikoa dutela esan daiteke.
Beste zubi mota batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zubi altxagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubi altxagarri bat da oholtza altxa daitekeen zubia, itsasontzi garaiak igaro daitezen edo, besterik gabe, zerbitzatzen duten zirkulazioari bidea mozteko. Zubi altxagarrietan ezagunenetako bat da Londresko Tower Brigde (Dorreko zubia). Zubi mota honen beste aldaera bat da zubi birakaria: oholtza altxa ordez, biratu egin daiteke ardatz baten inguruan. Halaber, beste aldaera bat da oholtza osorik goratu daitekeen zubi goragarria.
- Zubi altxagarria.
- Zubi tolesgarria.
- Zubi goragarria.
- Zubi birakaria.

Pontoi zubiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubi flotagarriak dira, hau dam, flotagailuak edo sakonera gutxiko itsasontziak –pontoiak– erabiltzen dituzte oinezkoen eta ibilgailuen igarobidea eratzeko, zubiari eta karga dinamikoei eusteko adinako flotazioa gaitasunez.
Pontoi zubiak gehienetan behin-behineko egiturak diren arren, batzuetan denbora luzez irauten dute. Zubi flotatzaile iraunkorrak baliagarriak izan daitezke ekonomikoki bideragarritzat jotzen ez denean zubi tradizional baten zimendua eraikitzea edo kablez esekitzea, esate baterako ur lasterretan.[17] Itsasontziak igaro ahal izateko goiko sekzio bat behar bada, sekzio mugikor bat eraiki daiteke.
Pontoi flotagarriak itsasoan, aintziretan edo ibaietan erabiltzen dira. Batez ere itsasontzien zerbitzura erabiltzen dira, amarratzeko kai gisa edo garraiorako atoiontzi gisa. Halaber, pontoi zubiak erabiliak dira ur kiroletan. Esate baterako, piraguismo eta kayak instalazioetan pontoi zubi bat ezarri ohi da uraren ertzean, ontzien sarrera-irteerak kudeatzeko. Egitura mota hori kabina flotagarri bat eraikitzeko ere erabil daiteke, edo uraren gainetik bide bat eratzeko, kostaldearen bi aldeak lotzearren.[18]
Atalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zubiek atal hauek izan ahal dituzte:
- Oholtza[19] edo taula: bi muturren arteko igarobidea eratzen duen egitura laua edo malda gutxikoa, bertatik oinezkoak, animaliak edo ibilgailuak (autoak, trenak eta abar) igaro ahal izateko. Habedun zubietan eta arkudunetan, taula euskarrietan bermatzen da; eseki eta tenkatuetan aldiz, dorreetatik kableen bidez zintzilikatzen da.
- Harroina:[20] zubiaren euskarri bakoitza da.
- Zubi branka: harroineko egitura puntaduna ibaian gora, ura eta hondakinak hausteko, harroina kaltetu ez dezaten.
- Zubi bularra:[20][21] zubiaren muturretako euskarriak.
- Zubiburua:[20] zubiaren mutur aldea, bai zubia bera bai ingurunea (auzoa, eraikinak, gotorlekuak eta abar).
- Zubi begia edo zubi zuloa:[20] bi euskarriren arteko arkudun tartea.
- Zubi musua:[20] zubiaren muturra.
- Baranda edo petrila.
- Argia: bi euskarriren arteko hutsarte librea.
- Tartea: bi euskarriren ardatzen arteko oholtzaren luzera.
- Zimendua: indarrak euskarrietatik lurrera transmititzen dituen atala.
Eraginkortasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubi baten eraginkortasun estrukturala neurtu daiteke zubiaren pisuaren eta eutsi dezakeen zamaren arabera. Esate baterako, zubiaren pisu unitateko bakoitzak zenbateko zamari eutsi diezaiokeen izan daiteke eraginkortasuna neurtzeko modu bat.
Eraginkortasun ekonomikoari dagokionez, beste faktore batzuk izan behar dira kontuan: zubiaren eraikuntza, materialak, kokapena, zubia izateak dakarren aurrezkia beste bide batzuk erabili ordez, eta abar. Gerta daiteke zubi baten eraginkortasun ekonomikoa oso ona izatea baina eraginkortasun estrukturala aldiz txarra. Hori gertatzen da, esaterako, konpresio indarra erabiltzen duten zubietan. Eraginkortasun estruktural eskasa duten arren, ekonomikoki oso eraginkorrak izan daitezke, beharrezko materialak gertu dauden lekuetan.[22] Beste batzuetan garrantzi handiagoa du itxurak. Zubiak oso luzeak izan behar baldin badira, berriz, esekiak izatea da irtenbiderik egokiena.
Instalazio bereziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubiek instalazio bereziak izan ditzakete, Bratislavako Nový Most zubiko dorreak duen jantokiaren antzera. Zubi esekien dorreak komunikazio antenak jartzeko erabiltzen dira maiz. Zubiak argindar hodiak eramateko ere erabil daitezke, Storstrøm zubia bezala.[23]
Zubiak kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubia paisaiaren elementu definitzaileetako bat dela esan daiteke, batzuetan eraikitzaileen harrotasun erakusle ere bai. Askotan, hirien benetako ikono bihurtu izan dira zubiak, San Frantziskoren ikono den Golden Gate zubiaren kasuan bezala. Beste horrenbeste esan daiteke Florentziako Ponte Vecchio zubiaz, Veneziako Rialto zubiaz, edo makina bat erromatar zubiz, besteak beste Azkaineko zubia.
Herri kulturak sortu izan ditu zubien inguruko ipuinak edo kantak. Frantsesez, munduan zehar ezaguna da Saint-Bénézet zubia (Avignon) aipatzen duen Sur le pont d'Avignon haur kanta.[24]
Zubiak, lurzoru publikokoak izanik, etxegabeen babesleku izan dira historikoki, eta hortik dator «zubipean bizi» esamoldea, benetan etxebizitza zubi batean azpian izan edo ez izan.[25]

Kartografian eta mapetan, arlo militarrean bereziki, zubiak irudikatzen dira berdin ikur baten bidez, lerro bakoitzaren bi muturrak angelu zorrotza dutela. Ikur hori bera erabiltzen da estrategia eta borroka jokoetan, zubiek ezaugarri bereziak izan ohi baitituzte. Antzara jokoan agertzen dira bi lauki zubidun —gehienetan, 6.a eta 12.a— non zubitik zubira aurreratzen edo atzeratzen baita, esanez «zubirik zubi noa, eta urak arin naroa!».
Oztopo geografikoek bereizitako lekuak lotzeko balio dutenez, zubiak maiz agertzen dira literaturan, pinturan edo beste agerbide artistikoetan, mundu batetik besterako iraganbide sinbolikoa adierazteko, izan zerua edo infernua. Ortzadarra zeruaren zubitzat hartzen denez, esamoldeetan zubia elementu sinboliko garrantzitsu bat da. Horrela, herri hizkeran «Erromako zubia» edo «Frantziako zubia» esaten zaio ostadarrari.[26] Era berean, hiztegi orokorretan «zubi» hitzaren adieretan aise aurkitzen dira balio sinbolikoaren definizioak: «bi pertsona edo gauza desberdin edo elkarren aurkako hurbiltzeko eta harremanetan jartzeko balio duen gauza».[27]
Zubi berezi batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Araba
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anuntzibai zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laudion, Altube ibaia zeharkatzen duen zubi bat da. Erdi Aroko arkitektura zibilaren adibide garrantzitsu bat izateaz gain, Aiaraldearen ondare historiko eta kulturalaren ikurretako bat da.[28]
Otazuko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Luiaondoko izen bereko auzoan dagoen Erdi Aroko zubi bat da, Nerbioi ibaia zeharkatzen duena. XV. mendean eraikia izan zela zutela uste dute adituek.[29]
Trespondeko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iruña Okan dagoen zubi bat da, Trespondeko herrian. Hamahiru begi ditu, guztira 99 m luze. Batzuetan erromatartzat jo izan den arren, adituen arabera gehienez jota XVI. mendekoa izan daiteke. 1916az geroztik, kultura intereseko ondasuna da.[30]
Zubizabal zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zalduondon (Araba) Erdoña eta Agurainera bideko irteeran dago, Kaltzadausi izen esanguratsua ere baduena, eta Ametzaga erreka zeharkatzen du.[31] Antzina, zubi hau zen Lizarrateko galtzadatik herri horietara zihoan bideko Zalduondo hegoaldeko irteera.
Bizkaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizkaia zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Transbordadore zubi bat da, Bilboko itsasadarraren bi ertzak batzen dituena: Portugalete ezkerreko ertzean, eta Getxoko Areeta auzoa eskuinekoan. Zubi honen berezitasuna da, hain zuzen ere, ez duela oholtzarik, ibilgailuak edo oinezkoak bertatik igarotzeko, baizik zubiaren dorretatik zintzilik den plataforma bat, ertz batetik bestera dabilena. Horrela, ez du eragozten itsasontzi garaien pasabidea.[32]
Horrez gain, zubia bisitatu daiteke, dorreen egitura gainera iristen den igogailu baten bitartez. Bisitariak zaldain batean ibil daitezke zubiaren egituraren alderik alde, itsasadarraren ikuspegi bikain batez.[33]
Itsas Aurre zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artibai ibaiaren itsasadarra zeharkatzen duen altzairuzko zubi bat da, Ondarroan. 1994an irekia, Santiago Calatrava valentziar arkitektoak Euskal Herrian egin zuen lehendabizikoa izan zen.[34]
Pablo Alzola jaunaren burdinazko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cadagua ibaia zeharkatzen duen zubi bat da, Barakaldoko Burtzeña eta Bilboko Zorrotza auzoen artean. Ibaiarekin lapranean ezarririk, 65 metroko argia gainditzen du, tartean euskarri bat bera ere eduki gabe.[35]
Plaiko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Plaiko zubia Ondarroan dagoen zubi birakari bat da, Artibai ibaiaren itsasadarra zeharkatzen duena.[36] Oinezkoentzako zaldain bat da, birakaria, itsasontzien pasabidea ez eragozteko egina. 2019-2021 bitartean zaharberrikuntza lan sakon bat egin zioten.[37]
Zubizuri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oinezkoen zubi bat da, Bilboko itsasadarra zeharkatzen duena, ipar-ekialdetik Gazteleku eta hego-mendebaldetik Uribitarte auzoak lotuz. Santiago Calatrava valentziar arkitektoak diseinatua, 75 m luze eta 4 m zabal da.[38]
Gipuzkoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andoaingo geltokiko zubibidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mende hasierako Industria Ondarearen elementu bat da. Plazaolako trenbidean zegoen, gaur egun oinezkoentzat egokituta. Donejakue bidean dago.[39]
Arbizelaiko zubibidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aretxabaletaren iparraldean dagoen tirante-zubi bat da. AP-1 autobideak Deba ibaiaren harana gainditzeko eginkizuna betetzen du. 2009an inauguratu zen.[40]
Mantzisidor zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zumaiako Oikia auzoan dagoen zubi bat da, Urola ibaia zeharkatzen duena.[41] Harriz egindako zubia da, zutabe handi bat erdian duela eta bi begi alboetara. Ertzetan dauden zutabeak askoz berriagoak dira.[42] Mantzisidor familia boteretsuak eraiki zuen. 1536rako zubia jadanik bazegoen eta alboan portu txiki bat zuen.[43]
Ormaiztegiko zubibidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Madril-Hendaia burdinbideko antzinako biaduktua da,[44] Ormaiztegin. 1863an eraikia sareta habeak erabiliz, 291 m luze eta 34 m garai da. 1995 arte egon zen zerbitzuan.[45]
Zubizahar
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alegian (Gipuzkoa) dagoen zubi bat da, Oria ibaia zeharkatzen duena. XVII. mendearen amaiera aldera eraiki zen, harlanduz (habeen azpialdea eta arkupeak) eta hargin lanez. Antzina, Alegia eta Amezketa lotzen zituen errepidea bertatik igarotzen zen.[46]
Nafarroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batasuneko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroa Behereko Arnegi eta Nafarroa Garaiko Luzaide lotzen dituen zubitxo bat da. Luzaideko Pekotxeta auzoa eta Arnegiko Herri Barnea lotzen ditu, Arnegiko Errobi zeharkatzen duelarik.[47]
Garesko zubia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XI. mendeko arku zubi bat da, Arga ibaia Garesen zeharkatzen duena, Nafarroa Garaiko Izarbeibarren.[48] Bertatik igarotzen da Donejakue bidea, Garesen elkartzen baitira Orreagatik datorren bide nagusia eta Somportetik datorren adarra.
Igusteko zubia
Igusteko galtzada antzinako mandabide bat da, Nafarroa Garaiko Zirauki herrian dagoena, Lizarrerrian. Antzina, Andelos eta Pompaelo arteko erromatar galtzadaren zati bat zela uste bazen ere,[49] geroagoko ikerketek erakutsi zuten XIX. mende hasieran eraikia zela.[50] Zubiak Aro Modernoko ezaugarriak ditu.[51]
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Habedun zubi bat, Arrontegi zubia.
- Rosario-Victoria hegal zubia. Zubi tenkatuak halakoen eratorriak dira.
- Alcántarako arkudun zubia.
- Golden gate zubi esekia.
- Bizkaia zubia, zubi esekia.
- Zurezko zubi bat.
- Oinezkoen zubia, Plentzian.
- Uribarri Ganboako urtegiko Azuako zubia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > zubi» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1985). Fonética Histórica Vasca. Donostia: Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo», 412. (8. oin oharra) or. OCLC .9456774533.
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > zubi» EODA (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Ingelesez) Athanasiou, Christina. (2024-09-14). «The Phenomenal Roman Bridges: Connecting Past with Present» Roman Empire Times (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Ingelesez) «Hans Ulrich Grubenmann» Encyclopaedia Britannica (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) Sanz, José Manuel. (2015-12-17). «Hubert Gautier (1660-1737)» Ingenia Viarum (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Frantsesez) EE.AA.. (2007). Cours d'eau et ponts : guide technique. Bagneux: Setra ISBN 978-2110946263. OCLC .470899460.
- ↑ (Ingelesez) «Chongqing completes world's longest arch bridge» Culture China (web.archive.org) 2009-04-30 (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Ingelesez) World Association of Technology Teachers. «Beam Bridges» Design Technology Department (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Ingelesez) «Beam Deflection and Stress Equations Calculator for Beam Supported on Both Ends Uniform Loading» Engineers Edge LLC (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Ingelesez) Bingham, Miles; Bourgeois, Cary. (2013). «The History of the Lake Pontchartrain Causeway» Louisiana Civil Engineering Conference (American Society of Civil Engineers - web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Frantsesez) «Lieu historique national du Canada du Pont-de-Québec» Lieux Patrimoniaux du Canada (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-30).
- ↑ (Ingelesez) «Akashi Kaikyo Bridge (Kobe/Awaji, 1998)» Structurae - International Database for Civil and Structural Engineering (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ (Ingelesez) «Know The Differences Between Cable-Stayed and Suspension Bridges» Civil is Fun 2024-02-12 (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ (Ingelesez) Walther, René. (1999). Cable Stayed Bridges. London: Telford, 7. or. ISBN 978-0727727732. OCLC .450431408.
- ↑ (Ingelesez) Elder, Miriam. (2012-07-02). «Russian city of Vladivostok unveils record-breaking suspension bridge» The Guardian (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ (Frantsesez) «Ponton Flottant» PortsÉquipements (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ (Ingelesez) USDA Forest Service. «Floating Trail Bridges and Docks» United States Department of Agriculture - United States Department of Transportation (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ «Bilaketa > oholtza» Euskalterm (kontsulta data: 2025-07-01).
- 1 2 3 4 5 Euskaltzaindia. «Bilaketa > zubi» OEH - Orotariko Euskal Hiztegia (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ Elhuyar. «Bilaketa > zubi-bular» Elhuyar Hiztegia (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ (Ingelesez) «Efficiency and Economy in Bridge and Building Structures» Structure - Premier resource for practicing structural engineers (web.archive.org) 2016 (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ (Ingelesez) «Storstrøm Bridge» Vejdirektoratet (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-01).
- ↑ (Frantsesez) Chansons enfantines. rondes et comptines. web.archive.org.
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > zubipe» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2025-07-02).
- ↑ «Bilaketa > zubi» Intza proiektua- Euskal Lokuzioak sarean (Armiarma).
- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > zubi - 2. adiera» Euskaltzaindiaren hiztegia (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ «Aiaraldea | Laudio» Aiarako Harana eta Goi Nerbioiren inguruko Informazio Turistikoa (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ Amenabar, Anakoz. (2024-08-17). «Faktoria eta baserrien bidetik - Aiaraldea» Alea (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Dirección General de Bellas Artes. (1916-05-27). «Real orden declarando monumento nacional las ruinas y el puente romano de Iruña (Álava)» Gaceta de Madrid (Madrid) 148..
- ↑ (Gaztelaniaz) Portilla Vitoria, Micaela J. (1991). Por Álava, a Compostela: una ruta europea; Del paso de San Adrián al Ebro. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 46. or. ISBN 978-8478210660. OCLC .145022666 (kontsulta data: 2019-09-09).
- ↑ (Ingelesez) Tyrrell, Henry Grattan; University of Toronto. Engineering Society. (1912). Transporter bridges. Toronto: University of Toronto Engineering Society (archive.org) (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ «Bizkaiko zubia» Bizkaia.eus (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Plasencia, Pedro. (2011-11-19). «Puente de Ondárroa» Puentemania (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Villar, José Eugenio. (2009-05-12). «Barakaldo (patrimonio industrial)» Ezagutu Barakaldo (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ariztondo, Salbador. «Puente giratorio (Ondarroa)» Patrimonio Histórico de Bizkaia (Bizkaia.eus).
- ↑ Bedialauneta Alkorta, Nerea. (2021-09-30). «Barikuan zabalduko dute Ondarroako Plaiko Zubia» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza (kontsulta data: 2025-07-03).
- ↑ (Ingelesez) «Campo Volantin Footbridge» en.broer.no (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ Kultura Saila. (2012-01-27). «2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa.» Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ Altube Arrese, Mirari. (2006-01-02). «Urtarrilean hasiko dituzte Arbizelaiko zubiaren lanak - Aretxabaleta» Goiena.eus (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ «Oikia» Gipuzkoa Natura (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ Azkue Ibarbia, Imanol. (2016-09-04). «Zubia» Zumaiaguka (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ Roteta, Ane. (2018-05-19). «“Zumaiako auzoa izan arren, oikiarrak garela esaten dugu. Nortasun eta historia handia duen auzo bat da Oikia”» Noticias de Gipuzkoa (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ «Ormaiztegiko zubibidea» Euskadi Industria Ondarea (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ «Monumentuak eta eskulturak» Ormaiztegiko Udala (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Ruta turística por Guipúzcoa: Alegia (Alegría)» Ingeba (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ (Frantsesez) «D64 ARNEGUY Frontière Franco- Espagnole» Delcampe – El Marketplace de los coleccionistas (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ «Gares: historia» Ayuntamiento de Puente la Reina - Garesko Udala (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cañada Palacio, Fernando; Unzu Urmeneta, Mercedes. (1997). «Camino de Iguste: Prospección arqueológica» Trabajos de arqueología Navarra (13): 219-234.. ISSN 0211-5174. (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lanz Betelu, Jokin. (2024-01-05). «Algunas anotaciones en torno al Camino de Iguste en Navarra» Desperta Ferro Ediciones (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ramos Aguirre, Mikel. (2006). «Vías romanas y otros caminos en la Antigüedad» Tiempo y camino: la comunicación entre Pamplona y Logroño a lo largo de la historia (Iruñea: Departamento de Obras Públicas, Transportes y Comunicaciones): 11-45.. ISBN 978-8432528804. OCLC .433660864.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zubiak. Arkitektura, Fernández Altuna, José Javier, Auñamendi Eusko Entziklopedia (kontsulta data: 2025-07-04).
