Liber
| Liber | |
|---|---|
| Antzinako Erromako erlijioa | |
| Ezaugarriak | |
| Jatorrizko izena | Liber |
| Sexua | gizonezkoa |
| Bizitokia | Aventino |
| Baliokideak | Dioniso, Fufluns (en) |
| Domeinua | Ernal-hazia, ardoa, ardogintza, ugalkortasuna, askatasuna, Mahastizaintza, Plebea, Adierazpen-askatasuna eta nekazaritza |
| Familia | |
| Ama | Zeres eta Semele |
| Ezkontidea(k) | Libera, Proserpina eta Ariadna |
Liber[1] (latinez: Līber ˈliːbɛr ahoskatua) edo Liber Parter (eusk. 'Aita Askea') Erromako erlijioan, ugalkortasunaren, mahastizaintzaren eta askatasunaren jainkoa izan zen. Plebeioen zaindaria, urtero, martxoaren 17an bere omenez Liberalia izeneko jaialdia ospatzen zuten.[2]
Jainko italiko zaharra izan zen, baina greziar eraginarengatik, Dionisorekin parekatu zen eta haren ezaugarriak hartu zituen, eta gero, Baco jaikoarekin parekatu zen. Izena Lib- erro indoeuroparretik etor daiteke eta oparotasunaren eta ugalkortasunaren babeslea zela adieraz dezake, nahiz eta Dionisio jainko greziarraren italiar aldaera soila kontsideratzen dutenek, Dionisoren ohiko goitizenetako batekin lotzen duten: Lieo, «askatzailea» edo «askatzen duena».[3]
Danuta Musiał poloniar historialariak gogorarazten du Liber nekazaritzaren jainko bat zela hasieratik. Bere izena Latium eskualdeko inskripzio arkaikoetan agertzen da. Varronek Dei Consentes delakoen artean sartu zuen, horien zeregina uztak zaintzea zuten jainkoen taldea, alegia. Erroma hirian bertan, Liber 496tik aurrera gurtua izan zen plebeioen triada deritzan taldeko bat bezala (Zeres, Liber eta Libera), dirudienez arrazoi ideologikoengatik, Kapitolioko patrizioen triadaren kontrapisu bezala sortutako eraikuntza artifiziala. Talde horren izaki jainkotiar nagusia Zeres izan zen beti, zeharka, Erroman Liberren gurtza baztertzen lagundu zuena, baina, aldi berean, Bako/Dionisorekiko asimilazioa erraztu zuena. Liber ardoa ekoizteko etapa baten buru izan zen, mahatsaren prentsatzea, alegia. Produktua ez zen oraindik ardoa. Gainera, Jupiter zen Italiako mahastietako ardoaren zaindaria, eta, horregatik, ardoa biltzeko erritualek izaera publikoa zuten eta erromatar populuko apaizen aurrean egiten ziren. Vinalia Priorian Jupiterri ardo gaztea eskaintzen zioten, eta Vinalia Rustica garaian nekazariek uzta ona eskatzen zioten. Musial historialariari jarraituz, iturrietan ikusten danez, K.a. III. mendearen amaieran eta II.aren hasieran latinezko autoreak grezierazko testu literarioak Erromako errealitatera egokitzen ari zirenean, ezin izan zuten, "ageriko arrazoiengatik", Dioniso Jupiterrekin parekatu; horren ordez, Liber izan zela, nola edo hala, jainko grekoaren izaerarekin bat zetorren jatorrizko jainko bakarra.[4]
Pater epitetoari dakionez, Ovidiok “Liber pater” epitetoa aipatzen du (zu aita zara) eta familietako aitek harengan konfiantza zutela. Baina "Pater" Liberren epitetoa inskripzioetan aurkitu izan da batez ere. Baina kultu-izen zehatz horrek zerikusi gutxi zuen aitaran eskubideekin. Erromatarrek izendapen hori erabiltzen zuten jainko zaharrenenganako errespetua adierazteko, adibidez, Jupiter, Marte, Jano eta Kirino; mater epitetoaren esanahia antzekoa zen eta, Tellus, Mater Matuta edo Vesta Materri lotzen zitzaien.[5]
Jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liber Paterrek, landako jainkoen zati handi batek bezala, ez zuen berezko mitologiarik. Haren ohorez, italiar penintsulan bi zeremonia ospatzen ziren:
Liberalia jaiak (José Antonio Redondo Rodríguez eta José María Fernández Corrales ikertzaile espainiarren esanetan, Greziako Dionysia jaiekin edo Erromako Ludi Liberales jaiekin zerikusirik ez zutenak) jainko italikoaren eta greziarraren artean zegoen jatorrizko aldearen erakusgarri argia dira; martxoaren 17an ospatzen ziren, nekazaritza-zikloekin eta soroen emankortasunarekin bat zetorren data, urriko mahats-bilketarekin baino.[3]

Liberalian, emakume zaharrek, huntzez koroatuta, liba izeneko pasteltxo batzuk saltzen zituzten kalean, erromatarrek jainkoari eskaintzen zizkiotenak, libazioekin batera. Fastoetan, Ovidiok osagai horiek xehatzen ditu, eta azalpen bat ematen du: emakumeek egiten dituzte, jainkoari jarraitzen dioten bakanteak irudi femeninoak direlako; zaharrak dira, Erroman adin horretan ardoarekiko makurragoa dela esaten zelako; huntza dute, Baco haurra zenean ninfek landare horren adar baten azpian ezkutatu zutelako, Junon jainkosak aurkitu ez zezan. Gozokiak eskaintzeko arrazoia da, Jainkoa eztia aurkitu zuela, eta gauza gozoak atsegin dituela. Bestalde, egun hartan, adin-nagusitasunera iritsitako gazteak Kapitoliora joaten ziren. Han, bulla eta toga praetexta utzi eta toga viril-a ematen zitzaien janzteko. Gerrarako egokiak ziren herritarren zerrendan izena ematen zuten eta Iuventas jainkosa ere gurtzen zuten, Armadan zerbitzatzera behartutako gizonak (gazteak) babesten zituen jainkosak.[6] Dena den, Testuetan ez da esaten jai horiek Liber jainkoa gurtzeko egiten zirenik, eta beraz, ez da ziurra hari eskainiak zirenik.[4]
Izaera falikoko zeremoniak ere egiten zitzaizkion (mahats-bilketarekin ere zerikusia zuten greziar Phalophoriekin bat ez zetozenak). Ezaugarri horrek islatzen du, agian, jainko hau falo batez sinbolizatu izana.
Lavinio hirian hilabete oso bat sagaratu zioten Liberi, eta hango jai-jarduerek haziak hazi arazten zituztela uste zuten.[7]
Liber Paterren gurtza inperioan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inperioaren garaian, Liber Paterren gurtza hedadura handia izan zuen, Hispania, Galia, Ipar Afrika eta, batez ere, Danubio inguruko probintzietan, batez ere Dazia eta Panonia. Hala ere, erromatar kolonizatzaileek eraman zuten gurtza horrek ez zuen gehiegizko onarpenik izan bertako biztanleen artean.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindiaren 82. araua: Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak
- ↑ Barbette Stanley Spaeth. (1996). The Roman goddess Ceres. University of Texas Press, 6-8, 92 or..
- 1 2 3 Redondo Rodríguez, José Antonio; Fernández Corrales, José María. (1985). «"Liber pater et libera": Nuevo hallazgo en Zorita (Cáceres)» Anuario de estudios filológicos (8): 67–73. ISSN 0210-8178. (kontsulta data: 2026-01-03).
- 1 2 (Ingelesez) Musial, Danuta. (2013). «Divinities of Roman Liberalia» Przeglad humanistyczny 2: 95-96. (kontsulta data: 2026-04-15).
- ↑ Bruhl, A. «Liber pater; origine et expansion du culte dionysiaque à Rome et dans le monde romain» Bibliothèque des Écoles Françaises d’Athènes et de Rome 173: 20. Hemen aipatua: Musiał, Danuta (2013) 98. or...
- ↑ (Gaztelaniaz) Petri Ortiz, Paola. Las Fiestas romanas. Universidad San Pablo CEU, 10 or..
- ↑ (Ingelesez) «Liber and Libera | Roman gods, mythology, fertility | Britannica» Encyclopedia Britannica (kontsulta data: 2026-04-11).
Bibliografia gehigarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Toutain, J. Article Liber pater - Daremberg et Saglio (1877) Mediterranees.
- Liber Pater, Religion in Portus, Ostia Antica
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- “Liber”. Nova Roma

