close
Edukira joan

Amazig

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berbere» orritik birbideratua)
Amazigak
BERJAYA
Amazigak, ahidus dantza tradizionala egiten (Maroko)
Biztanleak guztira
ezezaguna
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
Maroko: 9,500,000[1]
Aljeria: 4,300,000[1]
Libia
Tunisia
Mauritania
Mali: 600,000[2]
Niger: 400,000[2]
Txad
Egipto
Espainia
Frantzia
Herbehereak
Belgika
Hizkuntza
amazigera, arabiera, frantsesa, gaztelania (Marokon eta Espainian)
Erlijioa
islama, kristautasuna
Zerikusia duten beste giza taldeak
iberiarrak, arabiarrak, egiptoarrak
BERJAYA
amazigen ikurra

Amazigak edo berbereak [3][4] (amazigeraz, amazigh hitzak «pertsona askea» esan nahi du; plurala imazighen da) Afrika iparraldeko etnia bat dira. 62 milioiko gizataldea osatzen dute. Berezko hizkuntza amazigera edo berberera dute.

Berbere izena ezagunagoa da euskaldunen artean, baina izen horren erabilera eztabaidatsua da; izan ere, jatorriz exonimo bat da, eta gaur egun «barbaro» esan nahi duen arabierazko izenaren baliokide da.[5][6][7] Berbere hitzetik eratorritako berberera hizkuntza izena ere eztabaidatsua da, horrenbestez.

«Berber» grezieratik eratorritako βάρβαρος (barbaroa) hitzetik eratortzen da.[8] Ondoren, beste hizkuntz batzuk erabili zuten, hala nola, latina («barbarus») eta arabiera («barbr»), ustezko kultura ez garatuei erreferentzia egiteko.[9][10][8]

Afrika iparraldeko herri honek, bere buruari «amazigh» esaten dio, pluralean «imazighen», eta bereber hitza, dituen adiera ezkorrak direla eta, baztertzen du.[9][8][11]

« Guri ez zaigu gustatzen berbere terminoa, ez dugu erabiltzen. Erromatarrak Afrika iparraldera iritsi zirenean, hizkuntza berri bat atzeman zuten: amazigera. Garai hartan, erromatarra ez zenari barbaro deitzen zioten, mendikoa, gogorra, eta halaxe hasi ziren deitzen amazigera egiten zutenei ere. Gero, frantsesak etorri zirenean, aldaera txiki bat egin zioten hitzari: berbère. Amazig deiturak pertsona librea esan nahi du, eta horixe nahi dugu. »

—Milouda El Hankari amaziga (Aretxabaleta, 2024)[9]

Amazigen banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Berbereak Afrika iparraldean

Amazigen hedapena Afrika iparraldean.

        
Tuaregak
        
Braberrak (Atlaseko amazigak)
        
Riftarrak edo Irifiyyen
        
Chenoui
        
Kabiliarrak
        
Chaouia
         Chleuh edo Ishelhiyen         
Saharako amazigak

Amazigak ondoko estatuetan banaturik daude:

Migrazio mugimenduen ondoriozko taldeak:

Amazigak historiaurretik daude Ipar Afrikan. Lurralde haietako itsasertzean egokitu ziren feniziar eta greziarrak, eta hainbat kolonia sortu zituzten; haien eragina handia izan zen itsasertzeko biztanleen artean (Kartago eta zibilizazio punikoa). Kartago hartu ondoren, Berberiako kostaldean egokitu ziren erromatarrak (egungo Tunisia, Ipar eta Ekialdeko Aljeria, Ipar eta Mendebaleko Maroko) eta amazigek aurre egin bazieten ere (Masinisa Numidia eta Mauritaniako erregearen garaian), ezin izan zituzten egotzi kolonietatik. Kanpotiko mehatxuei aurre egiteko bat egiten jakin arren, amazig nomadak erabat sakabanaturik bizi izan ziren, eta bizi dira herri amazigak.

Erromatarrak heldu zirenean ez zegoen amazig herririk, herrien sorta bat bizi baitzen Afrika ipar-mendebaldean: libiarrak, getuloak, numidiarrak, garamanteak eta mauroak. Erromatarrak, baina, denak talde berean sailkatzen hasi ziren guztiak hizkuntza arrotz berean mintzatzen zirelakoan; izan ere, berbere grezierazko barbaroi hitzetik bide dator. Gaur arte etnia bezala irauten lagundu dion barreiatze honek ez zion eta ez dio, ordea, batasun politikoaren aldeko borroka neurri berean bultzatu. III-IV. mendeetatik aurrera, zenbait amazig kristau bihurtu eta hizkuntza latinoa onartu zuten. Judu koloniak ere eraiki ziren bertan, egungo judu amazigen antzinakoak. Erromatar Inperioaren azken urteetan (IV. mendea) amazigen altxamenduek indar berezia hartu zuten, baina 426. urtetik aurrera bandaloak nagusitu ziren kostaldean. Ekialdeko Inperio Erromatarraren garaian (531-642), indartu egin ziren amazigak, eta bizantziarrek Bizazena, Tunis eta beste hiri batzuk baizik ez zituzten menderatu. Hasieran aurre egin bazieten ere (Kosayla erresuma amaziga, 687-690), amazigek ezin gelditu izan zuten arabiarren erasoa, eta VII. mendearen bukaeran musulmanak ziren nagusi Ipar Afrikako kostaldean. Itsasertzean Islamak hartu zuen kristautasunaren lekua, eta arabierak latinarena. Barnealdeak amazigen esku zirauen, baina arabiarren eragina berehala zabaldu zen: amazigek Islama hartu zuten erlijio (ortodoxia sunitatik urrunduz, jariyi heresia onartu zuten gehienek) eta sartaldean (Fez eta Kairuanen, esaterako) hiri arabiar-amazig berriak sortu ziren (aginte arabiarraren mendeko amazigek osatuak). Hasia zen arabiartzea XII. mendeko bigarren inbasio arabiarrak areagotu zuen (Banu Hilal, Banu Sulaim, Banu Maqil): itsasertz osoa arabiartu zen, baita ekialdeko ordokia eta basamortuetako amazigak ere eta mendebaleko mendialdeetan amazigak nagusi geratu ziren gaurko egunera arte.

Politikan, amazigak dinastia arabiarren arteko gatazken erdian bizi izan ziren, benetako beregaintasunari ezin eutsiz, zerbait eskainiko zien honako eta harakoaren alde jokatuz. Sartaldeko mendietako eta basamortuetako amazigek eutsi diote hizkuntza eta kulturari: Marokoko biztanleria erdia inguru da amaziga, Aljerian gutxiengoa da (Kabilia, Aures) eta Tunisian talde txiki batzuk baizik ez dira geratu; ekialdean (Libia, Egipto) desagertu dira ia. Arabiera da nagusi, eta amazigra edo amazigeraren hiztunen eskubideak ez dira errespetatzen.

Amazig hizkuntzak afro-asiar familiaren barruan dauden hizkuntza multzo bat dira. Gutxienez 25 milioi hiztun dituzte. Horietatik zortzi milioi inguru Marokon bizi dira eta lau milioi baino gehiago Aljerian bizi dira. Hala ere, herrialde horietan ez dago amazig hiztunen inguruko erroldarik. Datu guzti horiek gutxi gorabeherazkoak dira.

Amazigerak alfabeto propioa du, tifinagh izenekoa. Tradizionalki alfabeto hori Tuaregek erabili izan dute eta hizkuntzalari, erakunde eta kultur mugimenduek berreskuratu dute. Aljerian latindar alfabetoa ere erabiltzen da, eta Marokon arabiar alfabetoa erabili izan da tifinagh alfabetoa hezkuntzarako ofizialki onartu zen arte.

Beraien kokapenagatik, amazigek erlijio mugimendu handi guztien eragina izan dute. K.O.180 urtetik aurrera kristautasunaren zabalkundean parte hartu zuten. Hain garrantzitsua izan zen kristautasuna zein hiru amazig aitasantu izan ziren. Horien artean ezagunena Gelasio I.a izan zen. VII. mendean, arabiarrek amazigen lurraldea menpean hartu zutenean herritarrak islamera bihurtu ziren. XIX. mendean, frantziar kolonizatzaileek kristautasuna Aljeriako amazigen artean partzialki berrezarri zuten, batez ere Pères Blancs misiolarien bitartez, eta horregatik gaur egun gutxiengo katoliko bat existitzen da. 1980tik aurrera, Kabilian amazig mugimenduen aurka zapalkuntza ekintza larriak gertatu ondoren, protestantismora bihurtzeko joera egon da. Puerto Ricoko sefardi askok, berriz, amazig erroa dute. Amazig horiek judutar sinesmenak jarraitu zituzten.[12]

Hala ere, amazig gehienak musulman sunitak dira. Judu edo kristau sentitzen direnak gutxiengoa dira, baina beti existitu dira gutxiengo garrantzitsu horiek. Sinestunak ez direnen hazkunde bat gertatu da XIX. mendetik aurrera, nahiz eta gutxiengoa izan.[12]

Herri honen sukaldaritza aspalditik datorren tradizioa da. Ipar Afrikako beste herri askorekin osagaiak (kuskusa adibidez, amazig jatorrikoa) eta tradizio ugari partekatzen ditu. Sukaldaritza mediterraneoaren barne koka daiteke. Hala ere, ipar Afrikako beste herri batzuen sukaldaritzekin alderatuz, bere berezitasunak ditu eta horrek ahalbidetzen du amazig herriaren plater tipiko batzuk besteengandik bereiztu ahal izatea.

Shuá-Bildotz aragiarekin egindako platera da.

Tayines-aragi ezberdinekin egindako (Rifen mamita ere deitzen diote) platera da.

Tangia-aragia txilearekin nahastuta.

Kuskus goxoa-Kuskus gurina, esnea eta azukrearekin.

Thamrikt-Habak oliba oliorekin.

Aghrum: Forma borobila duen etxeko ogia

Gofio: arto txigortuarekin egindako garia.

Baghrir: Krepen antzekoa, semola, legamia, garia eta gatzarekin egindakoa.

Amazigen marginazioa eta politika dekoloniala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentziaren aldeko borrokek Arabiar mugimendu nazionalista eta independentista baten sorrera bultzatu zuten. Testuinguru horretan, Maroko, Aljeria, Tunisia eta Libia ofizialki “Herrialde Arabiarrak” bezala definitu zuten beraien burua, eta Arabiar estatuen ligara batu ziren. Horrez gain, 1989 urtean Arabiar Magrebtaren batasuna sortu zuten. Arabiarra hizkuntz ofizial bakarra deklaratu zen, islama estatuaren erlijioa eta hezkuntza eta esparru publikoen arabizazioa inposatu zen. Hortik aurrera estatuen helburua komunitate heterogeneoak asimilatzea eta nortasun bakarra sortzea(araboislamikoa) izan da.

Testuinguru horretan, amazigeraren gainbehera Amazig-nortasun mugimenduaren sorrera eragin zuen.

Beraien aldarrikapenen artean beraien lurraldearen aitortza, beraien hizkuntzaren ofizialtasuna eta hezkuntza, ekonomia eta politika sozialetan beraien herriaren aurka aurrera eramandako bidegabekerien erreparazioa daude. Mugimendu hau, herri hau osatzen duten komunitateak bezala, ez da homogeneoa izan. Borrokatzeko eran ezberdintasun handiak egon dira zonaldearen arabera. 

Amazigak Marokon

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziar kolonialistek Amazigak beraien interes propioa sustatzeko erabili zituzten. Amazigek jatorri europarra zutela esaten zuten eta, beraz, ez zutela lotura esturik islamarekin. Frantziarren arabera, Amazigak prest zeuden kristautasun europarrera bueltatzeko eta Frantziar kolonialismoaren asmo zibilizatzailearekin bat egiten zuten. Horregatik guztiagatik, nazionalistek Amazigak susmopean zituzten eta Amazigen kultura eta hizkuntza batasunaren kontrako oztopoa zela pentsatzen zuten. Frantziar kolonizatzaileak amazigak eta arabiarrak banatzen saiatu ziren, Amazigak arabiar eskoletatik eta epaitegi islamikoetatik isolatuz, horrela Amazig eta Arabiarren arteko lotura erlijiosoa ahuldu nahian.

Marokoko Amazigak garai poskolonialaren ondorio latzenak pairatu zituzten. Amazigak bizi ziren herrietan, landa eremuan kokatuak, gobernuaren aldetik hizkuntza eta kulturaren marginalizazioa bultzatu zen eta horrek zonalde hauen ekonomian eragin nabarmena izan zuen. 50eko hamarkadaren amaieran Rif Amazig zonaldea gobernuaren kontra matxinatu egin zen. Hasan erregeak matxinada boztizki zapaldu zuen. Rifean erregimen militar bat ezarri zen eta jendearen egoera jasanezina bihurtu zen. Askok Europara migratu behar izan zuten.

Hurrengo hamarkadetan zonalde hauek hezkuntza eta azpiegiturarik gabe mantendu ziren. Pobrezia, langabezia eta analfabetismoa oso zabalduta zeuden eta politika horien ondorioak agerikoak izaten jarraitzen dute. Egoera latz honek 60ko hamarkadan Amazig mugimenduaren sorrera bultzatu zuen.

Amazig mugimendua hiru garaietan banatu daiteke:

Lehenengoa ikasle unibertsitarioak hauspotuta izan zen. Amazig kultura Marokoren kulturaren parte zela aldarrikatzeko ekitaldi kultural ugari antolatu zituzten, baina arabiarren etsaitasuna pairatu zuten. Mugimendu horren gainbehera 80ko hamarkadan izan zen, erregimen marokoarraren partez jasandako errepresioaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, babes egiturak biziraun izateak Amazig mugimenduaren birjaiotza ahalbidetu zuen.

1991 urtean Agadirreko eskutitza argitaratu zuten. Amazig ideologia zabaldu zuen lehenengo dokumentua izan zen, eta horri esker, Amazig herriaren aldeko bigarren garaia hasi zen. Hala ere, garai horretan mugimenduaren barne desadostasunak agerian geratu ziren. Batzuek ekitaldi kulturalekin jarraitu behar zela pentsatzen zuten, eta beste batzuek indarra ekintza politikara bideratu behar zela uste zuten. Hasan II. aren azken urteetan mugimendua militantzia kulturaletik aktibismo politikora igaro zen. Aljeriako mugimenduan, berriz, aktibismo politikoa hasieratik gailendu zen.

Hasanen erreginaldiaren azken hamarkadan aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko ugari gertatu ziren. Ordurarte Hasanentzat Amazig afera tabua izan zen. Baina Hasanen agintaldia amaitzen ari zen. Garai horretan, helburua herrialdearen egonkortasuna mantentzea eta tronua ezustekorik gabe semeari uztea izan zen. Aljerian gobernuaren eta islamisten arteko gerra zibila gertatzen ari zen, eta horrek egonkortasuna kolokan jartzen zuen. Guzti hau garrantzi handia izan zuen marokoko boterearen aldetik Amazig aferaren inguruan gertatu zen iritzi aldaketan. Nahiz eta 1994 urtean Amazig ekintzaile ugarien atxilotzeak eta kondenak gertatu ziren, Hasanek, animoak lasaitu nahian, Amazig oinordetza partzialki aldarrikatu zuen eta eskoletan “dialekto” horiek irakasteko baimena eman zuen. Eremu publikoaren askatzeak Amazig mugimendua eta islamismoaren arteko lehiakortasuna areagotu zuen.

Amazigak Aljerian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentziaren ostean Kabilioak alboratuta geratu ziren. Ben Bella, lehen presidentearen hitzek ez zuten zalantzetarako tarterik utzi” Gu Arabiarrak gara”. Gobernu alderdiak (FLN) aurrera eramandako eraikuntza nazionala nortasun uniforme batean oinarritu zen, Arabiarra. Horrez gain, FLN alderdiak Arabiar munduaren indar antiinperialista eta antikolonialistekin lerrokatu zen.

1962an independentziaren alde borrokatu ziren Kabilioak gobernuaren kontra matxinatu ziren, pairatzen ari ziren marginazioa salatzeko. Hala era, 1979 urteko matxinada, “bereber udaberria” deiturikoa, indartsuagoa izan zen. Urte horretan gobernuak hezkuntzaren arabizazioa areagotzen saiatu zen, Amazigak horren kontra matxinatu ziren eta gobernuaren hegemonia politikoa eta kulturala zalantzan jarri zuten. Gobernua bortizkeria handiz matxinatuen kontra oldartu zen. Hortik aurrera, gobernuaren arabizazio proiektua ahultzen hasi zen eta Kabilioen ekintza zibil eta kulturalak indarra irabazten hasi ziren. Indar hori 80 hamarkadaren amaieran eremu publikoan nabaritzen hasi zen.

90 hamarkadan islamisten eta segurtasun indarren arteko guda zibila gertatu zen, alderdi bakarraren kolapsoaren ondorioz. Egoera horretan, Amazigen nortasuna alternatiba bat bezala ikusia izan zen. Elkarte kulturalen hazkundea oso agerikoa izan zen, 1989an 154 elkarte zeuden Kabilian. Hala ere, hizkuntz eta kultur politikak bere horretan mantendu ziren, gutxienez 90 hamarkadaren erdialde arte. Erregimenaren lehentasuna balio eta printzipio islamikoetan islamistekin lehiatzea izan zen. Horren ondorioz, Kabilioak baztertuak izan ziren, ahanzturara kondenatuz.

Gutxika gutxika pausu txikiak ematen hasi ziren. 1994ko greba orokorrak Amazigen hizkuntza eta kulturen ofizializazioa babesten zuen, eta pauso garrantzitsua izan zen. Berdin esan daiteke Kabiliako eskolen greba 1995 urtean. 1995ean Aljeriako gobernuak Amazig nortasuna aitortu zuen. Urte horretan Amazigtasunaren goi komisariotza sortu zuen. Horretaz aparte, 1996an konstituzioan Amazig nortasunaren aitorpena gehitu zen. Hori horrela izanda ere, baliabide eskasia eta gobernuaren borondate eza adierazpenen aplikazio praktikoa oztopatu zuten.

XXI. mendearen hastapenean, Amazigen egoera konpondu gabe jarraitzen zuen. 2001eko udazkenean matxinada handi bat gertatu zen. Matxinada honi “udazken beltza” deitu zitzaion. Ondorioa 2002ko amazigera Aljeriako hizkuntza bezala konstituzioan gehitu izana izan zen. Hala ere, ez ziren neurri efektiboak sortu bilinguismoa errealitate bihurtzeko. Manipulazioa, kooptazioa eta hala moduzko kontzesioek paper garrantzitsua jokatu zuten eskaerak aurrera ez ateratzeko. Tamazighera Kabiliako eskoletan soilik ikasiko zen, ez berriz amazigeraz hitz egiten duten beste zonalde batzuetan. Horren gain, bai irratia bai telebista zelatatuak izan ziren.

1999 urtean, Mohamed VI. aren igoerarekin Amazig nortasuna bultzada handia jaso zuen. Bere boterea mantendu nahian, mugimendu islamistaren berrantolaketa ahultzen saiatu zen. Horretarako Amazig mugimendua besarkatu zuen. XX. Mendearen amaieran Amazig mugimenduaren hirugarren garaia hasi zen. Garai horretan, Ikasle eta militanteek Amazig manifestua sinatu zuten. Helburua jarrera bateratu bat adostea izan zen.

2011ko protestek beste aurrerapen bat ekarri zuten. Bai Marokon bai Algerian Tamazight hizkuntza ofizializatu zen, konstituzioan sartuz. Ekintzaile batzuen arabera, batez ere ekintzaile gazteen artean, aldaketa konstituzionala gobernuaren irudia zuritzeko modu bat izan zen, mugimendua geldotzeko estrategia bat besterik ez, eta ez benetako aldaketak bideratzeko saiakera bat. Azken urteetan Marokoko mugimendu amazigean  eztabaida berri bat sortu da; Parte hartze ofizialari uko egiten jarraitu edo erakundeetan inklusioa bilatzeko alderdi politiko bat sortu.

Azken urteetan, Libiako Amazigak ere beraien eskubideen alde mugitu egin dira. Gadafi boterean egon zen urteetan beraien hizkuntza eta kultura debekatuta egon ziren. Egoera berrian, beraien eskubideen alde borrokatzen ari dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 Encyclopædia Britannica: Berber
  2. 1 2 Q&A: The Berbers. BBC News.
  3. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
  4. Euskaltzaindia. (PDF) 190. arauaː Munduko herriak eta etniak. .
  5. (Ingelesez) «Oxford Arabic dictionary : Arabic-English · English-Arabic | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-04-10).
  6. (Ingelesez) Maddy-Weitzman, Bruce. (2011). The Berber Identity Movement and the Challenge to North African States. University of Texas Press, 14-17 or. ISBN 9780292745056..
  7. «"Respecting Identity: Amazigh Versus Berber" - Society for Linguistic Anthropology Society for Linguistic Anthropology» web.archive.org 2022-10-25 (kontsulta data: 2025-04-10).
  8. 1 2 3 «La cuestión Amazigh» www.solidaritat.ub.edu (kontsulta data: 2024-12-06).
  9. 1 2 3 Muxika Karrion, Iratxe. (2025-01-05). ««Justizia nahi dugu, nazkatuta baikaude ahantziak izateaz»» Berria (kontsulta data: 2025-01-16).
  10. (Gaztelaniaz) Wester-Ebbinghaus, Reed. «Bereberes» Enciclopedia de la Historia del Mundo (kontsulta data: 2024-12-06).
  11. (Gaztelaniaz) «Safia El Aaddam: “El racismo no surge de la ignorancia, es un ejercicio consciente”» www.elsaltodiario.com (kontsulta data: 2024-12-06).
  12. 1 2 3 Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :2 izeneko erreferentziarako
  13. (Gaztelaniaz) Domínguez, Airy. (2019-04-18). «Los amazigs, supervivencia y lucha de un pueblo ancestral» El Orden Mundial - EOM (kontsulta data: 2026-03-27).

Bibliografia ingelesez

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Brett, Michael; Fentress, Elizabeth (1997). The Berbers (The Peoples of Africa) (1996 hardcover ed.). ISBN 0-631-16852-4.
  • Celenko, Theodore, ed. (December 1996). Egypt In Africa. Indianapolis Museum of Art. ISBN 978-0-253-33269-1.
  • Cabot-Briggs, L. (2009-10-28). "The Stone Age Races of Northwest Africa". American Anthropologist. 58 (3): 584–585. doi:10.1525/aa.1956.58.3.02a00390.
  • Hiernaux, Jean (1975). The people of Africa. People of the world series. ISBN 0-684-14040-3.
  • Encyclopædia Britannica. 2004.
  • Encarta. 2005.
  • Blanc, S. H. (1854). Grammaire de la langue basque (d'apres celle de Larramendi). Lyons & Paris.
  • Cruciani, F.; La Fratta, B.; Santolamazza; Sellitto; Pascone; Moral; Watson; Guida; Colomb (May 2004). "Phylogeographic Analysis of Haplogroup E3b (E-M215) Y Chromosomes Reveals Multiple Migratory Events Within and Out Of Africa". American Journal of Human Genetics. 74 (5): 1014–1022. doi:10.1086/386294. ISSN 0002-9297. PMC 1181964. PMID 15042509.
  • Ekonomou, Andrew J. (2007). Byzantine Rome and the Greek Popes: Eastern Influences on Rome and the Papacy from Gregory the Great to Zacharias, A.D. 590–752. ISBN 9780739119778.
  • Entwistle, William J. (1936). The Spanish Language. London. ISBN 0-571-06404-3. (as cited in Michael Harrison's work, 1974)
  • Gans, Eric Lawrence (1981). The Origin of Language. Berkeley: University of California Press. ISBN 0-520-04202-6.
  • Gèze, Louis (1873). Eléments de grammaire basque (in French). Beyonne: Bayonne Lamaignère.
  • Hachid, Malika (2001). Les Premiers Berberes. EdiSud. ISBN 2-7449-0227-6.
  • Harrison, Michael (1974). The Roots of Witchcraft. Secaucus, NJ: Citadel Press. ISBN 0-426-15851-2.
  • Hoffman, Katherine E.; Miller, Susan Gilson; McDougall, James; El Mansour, Mohamed; Silverstein, Paul A.; Goodman, Jane E.; Crawford, David; Ghambou, Mokhtar; Bernasek, Lisa; Becker, Cynthia (June 2010). Hoffman, Katherine E.; Miller, Susan Gilson (eds.). Berbers and Others: Beyond Tribe and Nation in the Maghrib. Indiana University Press. ISBN 9780253222008.
  • Hualde, J. I. (1991). Basque Phonology. London & New York: Routledge. ISBN 0-415-05655-1.
  • Martins, J. P. de Oliveira (1930). A History of Iberian Civilization. Oxford University Press. ISBN 0-8154-0300-3.
  • Myles, S; Bouzekri; Haverfield; Cherkaoui; Dugoujon; Ward (June 2005). "Genetic evidence in support of a shared Eurasian-North African dairying origin". Human Genetics. 117 (1): 34–42. doi:10.1007/s00439-005-1266-3. ISSN 0340-6717. PMID 15806398. S2CID 23939065.
  • Nebel, A.; Landau-Tasseron; Filon; Oppenheim; Faerman (June 2002). "Genetic Evidence for the Expansion of Arabian Tribes into the Southern Levant and North Africa". American Journal of Human Genetics. 70 (6): 1594–1596. doi:10.1086/340669. ISSN 0002-9297. PMC 379148. PMID 11992266.
  • Osborn, Henry Fairfield (1915–1923). Men of the Old Stone Age. New York: New York, C. Scribner's sons.
  • Renan, Ernest (1873) [First published Paris, 1858]. De l'Origine du Langage (in French). Paris: La société berbère.
  • Ripley, W. Z. (1899). The Races of Europe. New York: D. Appleton & Co.
  • Ryan, William; Pitman, Walter (1998). Noah's Flood: The new scientific discoveries about the event that changed history. New York: Simon & Schuster. ISBN 0-684-81052-2.
  • Saltarelli, M. (1988). Basque. New York: Croom Helm. ISBN 0-7099-3353-3.
  • Semino, O.; Magri, P. J.; Benuzzi; Lin; Al-Zahery; Battaglia; MacCioni; Triantaphyllidis; Shen (May 2004). "Origin, Diffusion, and Differentiation of Y-Chromosome Haplogroups E and J: Inferences on the Neolithization of Europe and Later Migratory Events in the Mediterranean Area". American Journal of Human Genetics. 74 (5): 1023–1034. doi:10.1086/386295. ISSN 0002-9297. PMC 1181965. PMID 15069642.
  • Silverstein, Paul A. (2004). Algeria in France: Transpolitics, Race, and Nation. Bloomington: Indiana University Press. ISBN 0-253-34451-4.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]