close
Edukira joan

Hausnarkari

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ruminantia» orritik birbideratua)
Hausnarkari
Eozeno
Adierazpen errorea: Ustekabeko > eragilea

Adierazpen errorea: Ustekabeko > eragilea

BERJAYA
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
Subordena Ruminantia
Familiak

Hausnarkariak (Ruminantia) artiodaktiloen subordena bat dira, hau da, zangoetan behatz bikoitiak dituzte. Euren bereizketa garrantzitsuena jaterakoan egiten duten hausnarketa da. Hausnarkariak belarjale larrekariak dira, landare jatorridun elikagaiak hartzituz nutrienteak bereganatzen dituztenak, digestio-aparatuko mikroorganismoei esker.

Janaren digestioa bi zatitan egiten dute: lehenengo murtxikatu eta irentsi egiten dute; ondoren janari hori berriro kanporatu eta berriro murtxikatzen dute, balio nutrizional bikoitza ateraz. Honi esker zelulosa eta pektina bezalako materialetatik energia atera dezakete.

Gutxi gorabehera 200 espezie sailkatzen dira taldean, bai etxekotuak bai basatiak. Azpimarratu behar da hausnarkari guztiak ez direla Rumiantia subordenaren parte, izan ere, belardiak larratzen dituzten beste hainbat animaliek horrelako adaptazioak dituzte;  kanguruak eta zaldiak, esaterako.

Fosilak aztertuta, ikusi da talde honetako ugaztunak duela 60 milioi urte inguru agertu zirela[1] [2]. Garai horretan, hausnarkarien talde anaia den Whippomorpha taldetik banandu zirela ikusi da[1]. Hausnarkarien fosil zaharrena Amphitragulus generokoa da. Horrek, 56 milioi urteko datazioa du eta, dikobunidoekin batera, artiodaktilo zaharrena da[2].

Hausnarketaren garrantzi ebolutiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hausnarkari gazteek digestio monogastrikoa baliatzen dute esnez elikatzen diren bitartean; hau da, urdaileko konpartimentu bakarra erabiltzen dute (abomasoa) titia hartzeari utzi aurretik. Eredu honetan, hestegorria eta abomasoa “esne bidea” deritzon hodiaren bidez lotuta daude. Hala ere, hausnarketa oso goiz egiten has daitezke, gutxi gorabehera txahalaren hogeigarren egunetik aurrera. [3]

Hausnarketak zelulosaren degradazio eraginkorra eta aminoazidoen sintesia ahalbidetzen du mikroorganismo sinbionteen jarduerari esker. Dena den, belarjale batzuek estrategia desberdinak erabiliz emaitza berdinak lortzen dituzte [4]:

  • Ekidoek (zaldiak eta astoak, adibidez) hartzidura zekala garatzen dute, non mikrobiotak zelulosa eta beste polisakarido konplexu batzuk fermentatzen dituen.
  • Glierrek (esaterako, untxiak) kaekotrofia burutzen  dute, hau da, gorotz bigunen berrirensketa selektiboa egiten dute mantenugaiak eta bitaminak berriro xurgatzeko.
  • Elefanteek elikadura-estrategia espazial selektiboa dute. Orokorrean elikagaietan aberatsak diren eremuak lehenesten dituzte bazkatzeko. Bertan elikagaiekin hartzidura intentsiboa egiten dute ahalik eta zuntz gehien aprobetxatzeko.

“Hausnarketaren teoria ekologikoa”-k dio estrategia hori abantaila ebolutiboa izan daitekeela belarjale hausnakarientzat. Izan ere, hausnarkariak elikatzen ari diren bitartean predatzaileekiko ahulak bilakatzen dira. Ondorioz, digestio sistema horrek janaria azkar bereganatzea baimentzen du arriskuan dauden bitartean.  Hausnarkariek oso azkar hartzen dute janaria eta, ondoren, harrapariengandik babestutako lekuetara poliki murtxikatzera joaten dira. Askotan beren denboraren herena horretan ematen dute. Fase horretan arreta-maila jaisten da, eta atsedena edo loa har dezakete. Hausnarketak nolabait “biltegi” baten moduan jokatzen du, aurretik hartutako elikagaiak gordez eta gero modu lasaiagoan digeritzeko aukera emanez. [3]

Ondorioz, hausnarkarien fisiologia eta portaera ekoizpen biologikoaren eta babes-estrategiaren arteko uztarketa bikaina dira. Horren bidez, espezie hauek ingurune aldakorretara egokitzeko gaitasun berezia erakusten dute, bai elikadura-eraginkortasunaren, bai biziraupenaren ikuspegitik.

Hausnarkarien digestio-sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hausnarkariak diren eta ez diren animalien arteko desberdintasun nagusia digestio-aparatua da, hausnarkarien urdailek 4 gune baitituzte:  

  • Errumen: mikrobioen hartziduraren gune nagusia.
  • Erretikulua.
  • Omasoa: boloa jasotzen du eta azidoak xurgatzen ditu.

Lehenengo bi ganberak errumena eta erretikulua dira. Bi konpartimentu horiek hartzidura-upela osatzen dute, eta mikrobio-jardueraren leku nagusia dira.  

Hartzidura funtsezkoa da digestiorako; izan ere, horri esker karbohidrato konplexuak deskonposatzen dira (zelulosa, adibidez), eta horiek erabiltzeko aukera ematen dio animaliari. Mikrobioek hobeto funtzionatzen dute ingurune bero, heze eta anaerobiko batean, 37.7-42.2°C-ko tenperaturarekin eta 6.0-6.4ko pH-arekin. Mikrobioen laguntzarik gabe, hausnarkariek ezingo lituzkete bazketako mantenugaiak erabili[5]. Elikagaia listuarekin nahasten da eta material solido eta likidozko geruzetan banatzen da[6]. Orduan, solidoak taldekatu egiten dira elikadura-boloa eratzeko.

Ondoren, elikadura-boloa ureztatu eta mastekatu egiten da, listuarekin erabat nahasteko eta partikulen tamaina deskonposatzeko. Honela, mantenugaiak hobeto digeritzen dira. Zuntza, bereziki zelulosa eta hemizelulosa, hiru gantz-azido lurrunkorretan (AGV) deskonposatzen da mikrobioen bidez (bakterioak nagusiki, eta protozoo, onddo eta legamia batzuk): azido azetikoa, azido propionikoa eta azido butirikoa. Proteinak eta egiturazkoak ez diren karbohidratoak ere hartzitzen dira: pektina, azukreak eta almidoiak.  

Listua oso garrantzitsua da: mikrobio-populazioari likidoa ematen dio, nitrogenoa eta mineralak birzirkulatzen ditu eta errumenaren pH-aren motelgailu gisa jarduten du [5]. Animaliek sortzen duten listua  kontsumitzen duten elikagai motaren araberakoa da.

Errumenak eta erretikuluak izen desberdinak dituzten arren, ehun-geruza eta ehundura oso antzekoak dituzte eta, ondorioz, zaila da bisualki bereiztea. Hauek biak elkartuta erretikulorrumena osatzen dute. Erretikulorrumenaren beheko zati likidoan digesta degradatua egongo da, omasora joango dena. Omasoa sabelean gerta daitekeena kontrolatzen duen konpartimentua da eta gantz-azido lurrunkorrak zein amoniakoak xurgatzen ditu. Digestaren partikulen tamaina ahalik eta txikiena izango da, abomasora igaro ahal izateko[5].

Horren ondoren, digesta benetako urdailera eramaten da, abomasora. Abomasoa hausnarkarien urdailaren konpartimentu gastrikoa da, urdaila monogastrikoaren baliokidea dena. Konpartimentu honetan azidoak eta entzimak askatzen dira, bertatik igarotzen den materiala are gehiago digeritzen dutenak[5]. Azkenik, digesta heste mehera eramaten da, eta bertan mantenugaien xurgapena gertatzen da. Heste mehearen ondoren, heste lodia dago. Heste lodiaren funtzio nagusiak zuntzen deskonposizioa eta hondakinen kanporaketa dira[7].

Dietako karbohidratoetatik glukosa kantitate txikiak xurgatzen dira, horietako gehienak errumenean hartzitu eta AGV bihurtzen dira. Burmuinerako, laktosarako eta esne-koiperako energia gisa behar den glukosa, azukredunak ez diren iturrietatik dator, hala nola propionato, glizerol, laktato eta proteinatik[8][9].  

Ugaritasuna, banaketa eta etxekotzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hausnarkari basatiak 75 milioi dira eta kontinente guztietan agertzen dira, Antartika eta Australian izan ezik. Espezieak klima askotan (tropikotik artikoraino) eta habitat ezberdinetan (lautadetatik basoetaraino) aurkitu daitezke[10].

Etxekoak diren hausnarkari populazioa 3.500 milioi burutik gorakoa da, horietako gehienak behi-, ardi- eta ahuntz-aziendak izanik (biztanleriaren %95a gutxi gorabehera). Hasieran, ahuntzak etxekotu ziren Ekialde Hurbilean kristo aurretik 8000 urte inguru. Horren ostean, gainerako espezie gehienak etxekotu ziren kristo aurretik 2500 urte inguruan Ekialde Hurbil edo Asia hegoaldetik kanpo[10].  

Talde honetan aurkitzen diren espezie guztiak Artiodactyla ordenaren barruan sailkatzen dira. Ordena horrek ugaztun ungulatuak barne hartzen ditu, hau da, apatxen gainean ibiltzen diren animaliak. Artiodactyla ordenaren barruan Ruminantia subordena osatzen dute hausnarkariek. Bertan aurkituko ditugu azaldutako ezaugarriak betetzen dituzten animaliak.  

Subordenaren barruan 2 infraorden bereiziko dira eta bertan sailkatuko dira hausnarkarien familia guztiak.  

Tragulina infraordena: tamaina txikiko artiodaktiloak sailkatzen dira familia honetan. Gehienak desagertuta daude, familia bakarrak biziraun du 10 espezierekin.

  • Tragulidae familia: bizirik dirauten 10 espezieak sailkatzen diren taldea da. Artiodaktilo oso txikiak sailkatzen dira. Talde honetan sailkatzen dira, adibidez, orein arratoiak.
  • Prodremotheriidae familia: Oligozenoan Europa eta Asian bizitako hausnarkariak. Hemen sartzen da hausnarkarien lerro ebolutiboan sailkatzen den animalia zaharrenetarikoa.
  • Hypertragulidae familia: Eozenoan bizitako hausnarkari artiodaktiloak dira, Ipar Amerika, Europa eta Asian bizi izan zirenak. 33 milioi urtean zehar bizi izan ziren.  
  • Archaeomerycidae familia: Eozeno eta Oligozeno hasieran Asian bizi izan zen familia. Ezaugarri oso primitibo eta modernoak nahasten dituzte animalia hauek.
  • Lophiomerycidae familia: hausnarkari goiztiarrak dira, benetako hausnarkarietara hurbiltzen den taldea. Pecora infraordenetik gertuago sailkatzen dira horiek. Ezaugarri espezializatuak erakusten dituzte.
  • Protoceratidae familia: Eozeno erdialdetik Pliozenora arte bizi ziren hausnarkariak dira. Orain Amerika dagoen eremuan bizi izan ziren. Gaur egungo oreinen antzeko animaliak ziren, baina adar bat gehiagorekin.  
  • Gelocidae familia: Eozeno amaiera eta Miozenoan bizi izan ziren. Europa, Asia, Afrika zein Ipar Amerikan aurkitu dira fosilak. Hausnarkari modernoen ezaugarri batzuk dituzte.  

Pecora infraordena: talde honetako artiodaktilo gehienek apendize kranialak dituzte, hau da, kraneotik ateratzen diren hezur luzakin frontalak.

  • Moschidae familia: orein deritzen arren, ez dira benetako oreinak (Cervidae familiakoak). Dena den, antzekotasunak dituzte familia hau Bovidae familiarekin estuki erlazionaturik dagoelako.
  • Cervidae familia: oreinak sailkatzen diren taldea da. Tamaina ugariko animaliak sailkatzen dira.
  • Giraffidae familia: gaur egun bi espezie bakarrik bizi dira eta Afrikan aurkitu daitezke: jirafa eta okapia.
  • Antilocapridae familia: Ipar Amerikako familia endemikoa da eta gaur egun espezie bakarra dago, antilope amerikarra.
  • Bovidae familia: elikadura herbiboroa duten animaliak sailkatzen dira familia honetan, hala nola, antilopeak, ahuntzak, ardiak…
  • Leptomerycidae familia: Eozenotik Miozenora Ipar Amerikan bizi izan ziren familia da. Ez dago informazio askorik hauen inguruan.
  • Palaeomerycidae familia: oreinen arbasoak biltzen dituen taldea da. Eozenotik Pliozenora bizi izan ziren.
  • Climacoceratidae familia: Miozenoan, Afrikan aurkitu zitekeen animalia familia da. Jirafen arbasoak zirela pentsatzen da.
  • Hoplitomerycidae familia: Miozenoan, Europan bizi zen familia da. Oso gutxi aztertu da familia hau.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 (Ingelesez) van Tuinen, M.. (2004-05-01). «Calibration and Error in Placental Molecular Clocks: A Conservative Approach Using the Cetartiodactyl Fossil Record» Journal of Heredity 95 (3): 200–208.  doi:10.1093/jhered/esh045. ISSN 1471-8505. (kontsulta data: 2025-11-06).
  2. 1 2 (Ingelesez) «PBDB Taxon» paleobiodb.org (kontsulta data: 2025-11-06).
  3. 1 2 (Frantsesez) Jarrige, Robert; Ruckebusch, Yves. (1995). Nutrition des ruminants domestiques: Ingestion et digestion. Editions Quae ISBN 978-2-7380-0629-5. (kontsulta data: 2025-11-06).
  4. (Frantsesez) Fonty, Gérard; Bernalier-Donadille, Annick; Forano, Évelyne; Mosoni, Pascale. (2019). Consommation et digestion des végétaux : Rôles des microbiotes et fonctions essentielles à la biodiversité. Éditions Quæ ISBN 978-2-7592-3751-7. (kontsulta data: 2025-11-06).
  5. 1 2 3 4 Rickard, Tony. (2002). Dairy Grazing Manual. MU Extension, University of Missouri-Columbia., 7-8 or..
  6. (Ingelesez) «How do ruminants digest?» Open Learning (kontsulta data: 2025-11-06).
  7. Animal Nutrition. Universidad de Missouri-Columbia, MO..
  8. (Ingelesez) Reece, William O.. (2004-04-19). Functional Anatomy and Physiology of Domestic Animals. Wiley ISBN 978-0-7817-4333-4. (kontsulta data: 2025-11-06).
  9. (Ingelesez) «Nutrient Absorption and Utilization in Ruminants» arbl.cvmbs.colostate.edu (kontsulta data: 2025-11-06).
  10. 1 2 (Ingelesez) Hackmann, T. J.; Spain, J. N.. (2010-04-01). «Invited review: Ruminant ecology and evolution: Perspectives useful to ruminant livestock research and production» Journal of Dairy Science 93 (4): 1320–1334.  doi:10.3168/jds.2009-2071. ISSN 0022-0302. PMID 20338409. (kontsulta data: 2025-11-06).


Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]