Plutarko
| Plutarko | |||
|---|---|---|---|
| |||
| Bizitza | |||
| Jaiotza | Chaeronea (en) | ||
| Herrialdea | |||
| Heriotza | ezezaguna eta Chaeronea (en) | ||
| Familia | |||
| Ezkontidea(k) | Timoxena (en) | ||
| Seme-alabak | ikusi
| ||
| Haurrideak | ikusi
| ||
| Familia | ikusi
| ||
| Hezkuntza | |||
| Hizkuntzak | latina antzinako greziera | ||
| Irakaslea(k) | Ammonius of Athens (en) | ||
| Jarduerak | |||
| Jarduerak | saiakeragilea, apaiza, magistratua, biografoa, historialaria, idazlea eta filosofoa | ||
| Lan nabarmenak | |||
| Genero artistikoa | biografia | ||
Mestrio Plutarko (antzinako grezieraz: Πλούταρχος; Keronea, Beozia, egungo Grezia, K. o. 46 inguru - K. o. 120) antzinako historialari, biografo eta saio-idazle greziarra izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aristobulo jakintsuaren semea zen eta 20 urte bete zituenean Atenasera bidali zuen aitak matematika eta filosofia ikas zitzan. Atenasko aristotelikoen artean hezi zen, eta Asia Txikian barrena ibili zen; Alexandriara eta Erromara ere iritsi zen.
Grezian eta Egipton barrena bidaiatu ondoren Erroman bizi izan zen denbora luzean eta, iturri batzuen arabera, Trajano eta Hadriano enperadoreek ohorez bete zuten.
Bizitzako urterik gehienak, ordea, jaioterrian eman zituen. Kargu publikoak betetzeaz gainera, eskola ospetsu baten zuzendaria izan zen. Harreman estuak izan zituen, bestalde, Atenasko Platonen akademiarekin eta 95. urtetik aurrera Delfosen apaiz izan zen Apoloren tenpluan, eszeptizismoa eta ateismoa nagusi ziren garaian.
200 obratik gora idatzi zituen, grekoz guztiak, baina bizitzaren azken urteetan idatzi zuen Bizitza paraleloak obragatik izan zen ospetsu batez ere.[1]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Plutarkoren lanik garrantzitsuena eta ospetsuena "Bizitza paraleloak" izenekoa da. Bertan, parez pare kontatzen ditu hainbat biografia, alde batean greziar batena, bestean erromatar batena, bakoitzaren sarreran bizitza horien parekotasunak aztertuz. Poeten eta filosofoen biografiak ere idatzi omen zituen, baina galdurik daude; 50 inguru gorde dira. "Bizitza paraleoak" liburuan politikoak eta militarrak ageri dira, denak historikoak, lehenengo biak izan ezik (Teseo eta Romulo, mitoaren arlokoak). Biografia paralelo horietako batzuk hauexek dira: Perikles eta Fabio Maximo, Koriolano eta Alzibiades, Demostenes eta Zizeron, Dion eta Bruto, Alexandro eta Julio Zesar, Agesilao eta Ponpeio. Plutarkoren ikuspegian, historia gizon handien ekintzen bidez egiten da; ez dira gertakizunak gizon handien bultzatzaile, alderantziz baizik. Lan horretan, Polibio, Tito Livio, Tuzidides, Salustio edo Homero aipatzen ditu Plutarkok.
Bi kulturetako gizon ospetsuen arteko konparazio bat eginez. 50 konparazio inguru gorde dira. Hala eta guztiz ere historia baino gehiago pertsonaien izaerak ezagutarazten ditu obra horietan, eredu etikoak eskaintzea izan baitzuen asmoa.
Saiakera eta hitzaldi moduko testu anitz idatzi zituen, eta gorde diren gainerako idazkiak Obra moralak liburuan bildu ziren. Arlo anitzez mintzo da bertan: filosofiaz, erlijioaz, izadi jakintzaz, kritikaz, moralaz, arkeologiaz. Platonen filosofiaren oinarria agertzen du liburu horretan. Pizkunde garaiko humanistek ezagutarazi zuten Plutarkok eragin handia izan zuen William Shakespeare eta Michel de Montaignerengan, besteak beste.[1]
Lan euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizitza paraleloak lanaren Alexandro / Zesar atala euskaratu zuen Jesus Maria Arrojeriak, Klasikoak bilduman UPV/EHUk argitaratuta.[2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- 1 2 Saila, Kultur. (2011-07-18). «Plutarko» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-12-19).
- ↑ 2006. urtean argitaratu zen; ISBN 84-96455-17-3 badago sarean irakurtzea Alexandro / Zesar , Bizitza paraleloak[kontsulta data 2022-08-18]
